Basque Wikimedians User Group/Reports/Wikimania 2019 Iñaki LL

From Meta, a Wikimedia project coordination wiki
Jump to navigation Jump to search

2019ko Wikimania Estokolmon egin da abuztuaren 14tik 18ra, Estokolmoko Unibertsitatean, goiburu hauxe lagun hartuta: Stronger together: Wikimedia, Free Knowledge and the Sustainable Development Goals, alegia, "Indartsuago elkarrekin: Wikimedia, Ezagutza Askea eta Garapen Iraunkorreko Helburuak". Bi euskal wikilari joan gara, biak ere EWKEkoak: Iñaki Lopez de Luzuriaga, idazkaria, eta Etor Salazar, batzordekidea. Scandic Continental hotelean hartu dugu ostatu.

14etik 15era, konferentzia aurreko saioak egin dira, eta bi kideok izena emanda genuen arren, nik eskuratu nuen bertan parte hartzeko aukera. Aldiz, bertan landutako gaiak ez ziren bereziki interesgarritzat jo. Ondorioz, Konferentziako saioetan parte hartu dugu bakarrik, eta izena emateko ordaindu genuen zenbatekoa itzuli izanaren frogagiria bidali zaigu (2019-08-23). Abuztuaren 14ean gauean heldu ginen eta, 14-15eko learning daysen ordez, bi wikilariok interesgarri ikusi genuen kultura arloko ekintza osagarrietan parte hartzea, antolatzaileek hilaren 15erako antolatutako antolatutako kultura biretako batean (egun osoz), Wikimediara multimedia fitxategiak igo eta idazteko ekintza labur bat ere gehitzen zuena.

Wikimaniako saioak gela eta areto desberdinetan egituratu dira, unibertsitateko hiruzpalau eraikinetan, sarrera eta izen emateko mahaia Aula Magnan zegoen arren, metro geltokitik gertu. Ekitaldi eta saioetan, hainbat arlo landu dira. Saio guztiak bederatzi arlotan sailkatu dira: ikerketa, 2030 estrategia, hezkuntza, hazkundea, lankidetzak, osasuna, segurtasuna, GLAM eta teknologia. Hainbeste gairen artean, aukeratu egin behar zen, eta Etor eta biok saio desberdinetan banatu gara. Antolakuntzak ez zuen ia paperik erabili, ezta egitaraurik banatu ere, aurrezte aldera eta jasangarritasunaren alde.

Helburuak[edit]

Ez dago helburu zehatzik finkatuta Wikimaniara doazen wikilarientzat. Hala ere, saio eta esperientziatik ikastea, gure jardueraren berri zabaltzea, Wikimediako proiektu arteko harremanak lantzea, eta ikaspenen berri komunitateari itzultzea jotzen dira partaidetzaren oinarri inplizituak. Etorrek eta biok horretara bideratu dugu gure ahalegina.

Partaidetza[edit]

Sarrera hitzaldia[edit]

Sarrera hitzaldia wikilari guztiei zuzentzen zaie. Aurten, goiburuari lotuta, Michael Peter Edsonek, Nazio Batuen Erakundeko Museoaren zuzendariak, egin du aurkezpen hitzaldia, bertan nabarmenduz garapen iraunkorreko helburuak, oso egungoa den gaia, Wikimediak bere egin dituena. Helburuok ondorengo taulan laburbiltzen dira:


Garapen jasangarriko helburuak


Bertan, irisgarritasuna, jasangarritasuna, eta berdintasuna nabarmentzen dira ugari. Modu harrigarrian, ez da dibertsitateari buruzko aipamenik egin, ezta hizkuntza gutxituei ere. Arretaz jarraitzeko gaia iruditzen zait.

Teknikaren arloa[edit]

Teknologia aukera eta bitartekoen ezagutza da gure komunitateak, osotasunean hartuta, bizi duen eskasietako bat. Interesgarria zen, alde horretatik, Building Technical Capacity in Smaller Wikis, baita hurrengo aurkezpena ere: Let's completely change how templates work.

Proiektu txikiek dituzten teknika arloko eta trebakuntzako beharrizanen inguruan hitz egin ahal izan nuen Wikimedia Fundazioko kideekin, aurrerantzean gure komunitatean dauden hutsune horiek betetzeko aukerez, hain zuzen ere.

Estrategia[edit]

Estrategia 2030 da Wikimedia mugimendua duela urte batzuk lantzen ari den gaia, mugimenduari norabide bat zehazteko. Une honetan, rolak eta ardurak erabakitzeko prozesua da abian, eta ekarpenak espero dituzte abuztuaren 31 arte. Nola antolatuko da aurrerantzean mugimendua? Zer eginkizun izango du inork hautatu ez duen Fundazioak? Beste erakunde batek hura ordezkatzea proposatu da. Jokoan dira egitura bertikalagoa eman ala, kontrako aldean, deszentralizazioa. Horrek erabakimenean eta diru laguntzetan eragingo du, eta proiektu txikiagoak bitarteko zein taldetan (eskualdetan) sartuta geratzen diren. Aurkitu hemen informazio osoa eta ekarpena egiteko aukera.

Hizkuntza gutxituak[edit]

Hizkuntzek beti jartzen dute hizpidea Wikimediako biltzarretan, tartean direla hizkuntza gutxituak Wikimanian. Why indigenous languages matter more (now) and what we can do for them eta Australian indigeneous language on Wikipedia kasuistika eta esperientzia desberdinak landu zituzten. Hiztun komunitate batzuek hiztun ugari dituzte (44 milio arte), baina estandarizaziorik ia ez, eta beste batzuk, Australian, adibidez, nyungar hizkuntzak milaka gutxi batzuk, 1980ko hamarkada arte errepresio gogor bat jasan ondoren.

Hizkuntza gutxituetako proiektuen arteko bilkurak eta kontaktuak egiteko modua ez da automatikoa, baina Tartarstango ordezkari Fahrad Fatkullin, 2018 Urteko Wikilari hautatua, eta Indiako Subhashish Panigrahirekin bilkura informal bat deitzea lortu nuen. Zazpi pertsona inguruk parte hartu genuen. Bertatik Telegram talde bat sortzeko erabakia atera zen, gero talde formalago bat osatzeari begira.

Gerora, Telegram horretara mundu osoko kide gehiago bildu dira, eta etorkizunean Gai Talde bihurtzeko aukera ere aztertzen ari gara. Askotariko problematikak biltzen dira bertan, hasi CAWPtik eta hiztun gutxi batzuk dituzten Wikipedia proiektuetaraino.

Edizio segurtasuna eta eztabaidak[edit]

Urtero errepikatzen den gai bat da edizioaren inguruan sortzen diren gatazkak, iruzurrak, jarrera toxikoak, eta segurtasun arazoak. Turkiako Wikipedia blokeatuta dago. Ez zaigu oharkabean joaten Euskarazko Wikipediak orain gutxi turkierazkoa gainditu duela artikulu kopuruan. Oso txalotuak izan dira turkiar wikilariak; kezka handia da egoera honengatik. Eduki kalitatea neurtu eta bandalismoa eraginkortasunez detektatzeko tresnak aurkeztu dira Understand content moderation on English Wikipedia.

Hurrengo saioan, erabiltzaile faltsu edo sockpuppet direlakoen inguruko problematika azaldu da. Haiek detektatzeko algoritmoak, estatistikak eta hartu beharreko jarrerak: berehala debekatu ala jarraipen bat egin? Gai horiek Ingelesezko Wikipediari eragiten dioten batez ere.

Urtero bitan ohi duen bezala, Wikimedia Fundazioak txosten bat argitaratu du proiektuetako gardentasunaren inguruan. Bertan azaltzen dira Fundazioak edukia kentzeko eta erabiltzaileen datuak emateko jaso dituen eskaerak, baita horien inguruan nola jokatu duten ere. Askotan eskaera horiek biografiei buruzkoak dira. Txosten osoa nahi duenak eska diezadala lasai, ez dirudi une honetan Commonsen eskueran dagoenik.

Wikimedia Educationeko tresnak[edit]

Hezkuntzak indar handia hartu du Wikimedia mugimenduan, eta bere proiektua du, baita lantaldeak ere. Horietan parte hartzera deitu dute. Wikipedia erraz eta eginkorki zabaltzeko bitartekoak azaldu ziren, hala ikasleentzat nola irakasleentzat. Gainera, gurean 2017an itzuli eta martxan jarritutako Dashboard, edo (gurean) Arbela, baliatzeko azalpenak eman ziren, baita azken berrikuntzak ere.

Aldi berean, Event Metrics aurkeztu zen, estatistika-neurgailu bat, Arbelaren aldean aldekotasunak eta eragozpenak dituenak. Melissa Guadalupek eta Dominique Theisek egin zituzten aurkezpenak, besteak beste. Hau oso baliagarria izan zen Arbelako garatzaileekin harreman zuzena izan eta gure Arbeleko arazo batzuk konpontzeko (itzulpenak).

Beste ekintza batzuk[edit]

  • Denbora arazoak direla eta, ez zen modurik izan poster bat egin eta aurkezteko. Aldiz, antolatzaileek aukera ederra eman zuten guk, eredu bati lotuz, bidalitako informazioa poster batean jartzeko, eta posterren leku batean jartzeko, beste hainbat proiekturekin batera. Gurea ere han izan zen, beraz, azken hilabeteetako lana laburbilduz eta erakutsiz.
  • Wikitongues ekitaldi guztietako parte-hartzaile bat bihurtu da. Lehen aldiz, Wikimania 2017an egin nuen harremana haiekin. Munduko ahotsak grabatzen dituzte. Egitasmo senide batean, Subhashish Panigrahik berdin egiten du. Bientzat ere, euskal kantu bana abestu eta grabatu nituen, lizentzia askez argitaratzekoak. Mossab Bonatentzat, Wikimedian parte hartzera unibertsitateko ikasleak animatzeko aurkezpen bat grabatu nuen euskaraz eta ingelesez.
  • Bestetik, Estokolmora baino lehen, elkarrizketa bat hitzartu nuen Berlingo ekoizle batekin, Maria Teresa Curzio zuzendari duela, Wikipediari buruzko dokumental baterako. Elkarrizketa euskaraz egin nuen, gaztelaniara esanahia itzuliz. EN eta EU WPko gaiak aipatu nituen luze iraun zuen elkarrizketan, tartean dela norbanakoek zein botere publikoek beren gailuetan ezarpenak/euskarria euskaraz jartzeko premia, euskarazko ikustaldi kopuruak handitu eta euskara mundu digitalean abantzatzeko.
  • Azken egunean, jaialdia egin zen Nordic Museet dotorean. Bertan, beste proiektuetako hainbat kiderekin egoteko aukera izan genuen. Aipagarria da teknika aldetik Kitxuazko Wikipedia eta hizkuntza hornitzeko eta ahalduntzeko lanean dabilen Elwin Huamanekin egindako harremana eta gogoetak.
  • Zabalkunderako dugun materiala eraman nuen Estokolmora, baita azken egunean ere Aula Magnan jarri ere jendeak har zitzan: EU Wikipediaren ediziorako gidaliburua, eta gure arkatz bereziak.

Ondorioak[edit]

Saio eta ekitaldi guztiak ez dira kalitate edo probetxu berekoak izan, batzuek ekarpen edo esanahi txikia dute EU wikilariontzat. Oro har, aberasgarria izan da, eta gehiago ikasteko modua eman digu bi wikilarioi, baita aurrera egiteko inspirazioa eman ere. Euskarazko Wikipediak toki egoki eta esanguratsu bat izan du konferentzian, baina faltan eman da gure proiektuari buruzko aurkezpen bat. Egiaztatu ahal izan dugu Euskarazko Wikipedia balorazio oso ona duela, oro har, Wikimediako komunitatean.

Ikaspen teknikoak ere jaso ahal izan ditut, eta horien gabeziak konpontzeko bideak aztertu eta ireki. Bi EU wikilarion arteko elkarrekintza oso positiboa izan da gainerako kideekin harremana egiteko orduan ere. Gure parte-hartzeak bide berriak irekitzen eta orain artekoak finkatzen lagunduko dituelakoan nago. Ezin dut aipatu gabe utzi beste EU wikilariek orain arte munduko wikilarien artean utzi duten estimua, aztarna eta irudi bikaina.