Basque Wikimedians User Group/Wikimania 2019 Oraina

From Meta, a Wikimedia project coordination wiki

Wikimania Estokolmon egin zen abuztuaren 14tik 18ra, Estokolmoko Unibertsitatean, goiburu honekin: "Indartsuago elkarrekin: Wikimedia, Ezagutza Askea eta Garapen Iraunkorreko Helburuak". EWKEko bi euskal wikilari joan ginen: Iñaki Lopez de Luzuriaga, idazkaria, eta Etor Salazar, batzordekidea. Scandic Continental hotelean hartu genuen ostatu.

14etik 15era, konferentzia aurreko saioak egin ziren, eta bi kideok izena emanda genuen arren, mezu bat jaso nuen esanez guztientzako lekua ez zegoela eta ni kanpoan geratzen nintzela. Hots, niretzako lekurik ez zegoela. Iñakirekin hitz egin eta gero, eta gehienbat 14. egunekoa ezin genuenez aprobetxatu (gauean helduko ginelako eta bigarren egunean landuko ziren gaiak ez zirelako bereziki interesgarritzat jo) bera ere bi egun horietatik kanpo geratzea erabaki zuen eta bi egun horietako dirua itzuli ziguten. Ondorioz, Konferentziako saioetan parte hartu dugu bakarrik baina hauen ordez, Estokolmoko hiria ikusteko aprobetzatu dugu hainbat wikilari eta wikilarien laguntzaileekin.

Abuztuaren 14ean gauean heldu ginen eta. Eskalak egin zituen bidaia izan zenez (Bilbo-Munich-Estokolmo) leher eginda heldu ginen eta ordu asko xahutu genituen bidaian. Esan bezala, 14-15eko learning daysen ordez, bi wikilariok interesgarri ikusi genuen kultura arloko ekintza osagarrietan parte hartzea, antolatzaileek hilaren 15erako antolatutako kultura biretako batean (egun osoz), Wikimediara multimedia fitxategiak igo eta idazteko ekintza labur bat ere gehitzen zuena.

Wikimaniako saioak gela eta areto desberdinetan egituratu ziren, unibertsitateko hiru eraikinetan, sarrera eta izen emateko mahaia Aula Magnan zegoen arren, metro geltokitik gertu. Ekitaldi eta saioetan, hainbat arlo landu ziren: ikerketa, 2030 estrategia, hezkuntza, hazkundea, lankidetzak, osasuna, segurtasuna, GLAM eta teknologia. Hainbeste gairen artean, aukeratu egin behar zen, eta Iñaki eta biok saio desberdinetan banatu gara. Antolakuntzak ez zuen ia paperik erabili, ezta egitaraurik banatu ere, aurrezte aldera eta jasangarritasunaren alde.

Helburuak[edit]

Ez dago helburu zehatzik finkatuta Wikimaniara doazen wikilarientzat. Hala ere, saio eta esperientziatik ikastea, gure jardueraren berri zabaltzea, Wikimediako proiektu arteko harremanak lantzea, eta ikaspenen berri komunitateari itzultzea jotzen dira partaidetzaren oinarri inplizituak. Iñakik eta biok horretara bideratu dugu gure ahalegina.

Partaidetza[edit]

Sarrera hitzaldia[edit]

Sarrera hitzaldia wikilari guztiei zuzentzen zaie. Aurten, goiburuari lotuta, Michael Peter Edsonek, Nazio Batuen Erakundeko Museoaren zuzendariak, egin du aurkezpen hitzaldia, bertan nabarmenduz garapen iraunkorreko helburuak, oso egungoa den gaia, Wikimediak bere egin dituena. Helburuok ondorengo taulan laburbiltzen dira:

Bertan, irisgarritasuna, jasangarritasuna, eta berdintasuna nabarmentzen dira ugari. Modu harrigarrian, ez da dibertsitateari buruzko aipamenik egin, ezta hizkuntza gutxituei ere. Arreta deitu gaituen kontu bat izan da. Izan ere, hizkuntzen eztabaida egon denean hizkuntza "inperialen" artekoa izan da. Besteak beste frantziarrak frantsesa duen leku eskasataz kexu ibili dira publikoki baina gutxitutako hizkuntzak ez dute pisu esanguratsua izan.

Estrategia[edit]

Estrategia 2030 da Wikimedia mugimendua duela urte batzuk lantzen ari den gaia, mugimenduari norabide bat zehazteko. Une honetan, rolak eta ardurak erabakitzeko prozesua da abian, eta ekarpenak espero dituzte abuztuaren 31 arte. Nola antolatuko da aurrerantzean mugimendua? Zer eginkizun izango du inork hautatu ez duen Fundazioak? Beste erakunde batek hura ordezkatzea proposatu da. Jokoan dira egitura bertikalagoa eman ala, kontrako aldean, deszentralizazioa. Horrek erabakimenean eta diru laguntzetan eragingo du, eta proiektu txikiagoak bitarteko zein taldetan (eskualdetan) sartuta geratzen diren.

Hizkuntza gutxituak[edit]

Hizkuntzek beti jartzen dute hizpidea Wikimediako biltzarretan, tartean direla hizkuntza gutxituak Wikimanian. Why indigenous languages matter more (now) and what we can do for them eta Australian indigeneous language on Wikipedia kasuistika eta esperientzia desberdinak landu zituzten. Hiztun komunitate batzuek hiztun ugari dituzte (44 milio arte), baina estandarizaziorik ia ez, eta beste batzuk, Australian, adibidez, nyungar hizkuntzak ehundaka gutxi batzuk, 1980ko hamarkada arte errepresio gogor bat jasan ondoren. Nyungarerako neska batez ia negar batean jarri da bere hizkuntza eta bizitzaren historia pertsonalak kontatu dituenean.

Hizkuntza gutxituetako proiektuen arteko bilkurak eta kontaktuak egiteko modua ez da automatikoa, baina Iñakik Tartarstango ordezkari Fahrad Fatkullin, 2018 Urteko Wikilari hautatua, eta Indiako Subhashish Panigrahirekin bilkura informal bat deitzea lortu zuen. Zazpi pertsona inguruk parte hartu zuten. Bertatik Telegram talde bat sortzeko erabakia atera zen, gero talde formalago bat osatzeari begira. Hala eta guztiz, kontuan hartu behar da hizkuntza gutxituak izan harren hortaz kontziente diren kideak direla taldean sartu direnak, oso hizkuntza ahuletakoak ez dira taldera batu. Ondorioz, nagusiki Europako hizkuntza gutxituen partaideak daude barnean, katalanak barne.

Edizio segurtasuna eta eztabaidak[edit]

Urtero errepikatzen den gai bat da edizioaren inguruan sortzen diren gatazkak, iruzurrak, jarrera toxikoak, eta segurtasun arazoak. Turkiako Wikipedia blokeatuta dago. Ez zaigu oharkabean joaten Euskarazko Wikipediak orain gutxi turkierazkoa gainditu duela artikulu kopuruan. Oso txalotuak izan dira turkiar wikilariak; kezka handia da egoera honengatik. Eduki kalitatea neurtu eta bandalismoa eraginkortasunez detektatzeko tresnak aurkeztu dira Understand content moderation on English Wikipedia.

Hurrengo saioan, erabiltzaile faltsu edo sockpuppet direlakoen inguruko problematika azaldu da. Haiek detektatzeko algoritmoak, estatistikak eta hartu beharreko jarrerak: berehala debekatu ala jarraipen bat egin? Gai horiek Ingelesezko Wikipediari eragiten dioten batez ere.

Wikimedia Educationeko tresnak[edit]

Hezkuntzak indar handia hartu du Wikimedia mugimenduan, eta bere proiektua du, baita lantaldeak ere. Horietan parte hartzera deitu dute. Wikipedia erraz eta eginkorki zabaltzeko bitartekoak azaldu ziren, hala ikasleentzat nola irakasleentzat. Gainera, gurean 2017an itzuli eta martxan jarritutako Dashboard, edo Arbela, baliatzeko azalpenak eman ziren, baita azken berrikuntzak ere.

Beste ekintza batzuk[edit]

  • Denbora arazoak direla eta, ez zen modurik izan poster bat egin eta aurkezteko. Aldiz, antolatzaileek aukera ederra eman zuten guk, eredu bati lotuz, bidalitako informazioa poster batean jartzeko, eta posterren leku batean jartzeko, beste hainbat proiekturekin batera. Gurea ere han izan zen, beraz, azken hilabeteetako lana laburbilduz eta erakutsiz.
  • Wikitongues ekitaldi guztietako parte-hartzaile bat bihurtu da. Munduko ahotsak grabatzen dituzte. Egitasmo senide batean, Subhashish Panigrahik berdin egiten du. Bientzat ere, euskal kantu bana abestu eta grabatu nituen, lizentzia askez argitaratzekoak.
  • Azken egunean, jaialdia egin zen. Bertan, beste proiektuetako hainbat kiderekin egoteko aukera izan genuen. Besteak beste Kitxuazko Wikipedia eta hizkuntza hornitzeko eta ahalduntzeko lanean dabilen Elwin Huamanekin egindako harremanetan jarri ginen. Baita ere Katalanezko Wikipediakoekin, Espainiako Wikilariekin eta baita ere Alemanekin. Kontaktu asko egin genituen horrela era informalean. Aipagarria da Frantziako Wikilariek Iñaki Cañas sarritan aipatu zutela eta begibistakoa zen frantziarrek Iñakirekin aurreko edizioetan izan zuten harreman estu eta bikaina. Baita ere informatika arloan eta hizkuntza gutxituetan buru belarri zeuden wikilariak (marokiar berebereak eta beste) Galder oso era baikor eta lagunkoian gogoan izan dute.
  • Iñakik zabalkunderako dugun materiala eraman zuen Estokolmora, baita azken egunean ere Aula Magnan jarri ere jendeak har zitzan: EU Wikipediaren ediziorako gidaliburua, eta gure arkatz bereziak.

Ondorioak[edit]

Saio eta ekitaldi guztiak ez dira kalitate edo probetxu berekoak izan, batzuek ekarpen edo esanahi txikia dute EU wikilariontzat. Aberasgarria izan da, eta gehiago ikasteko modua eman digu bi wikilarioi, baita aurrera egiteko inspirazioa eman ere. Euskarazko Wikipediak toki egoki eta esanguratsu bat izan du konferentzian. Euskarazko Wikipedia ezaguna da, bereziki hizkuntza gutxituetan eta egiaztatu ahal izan dugu Euskarazko Wikipedia balorazio oso ona duela, oro har, Wikimediako komunitatean.

Bi EU wikilarion arteko elkarrekintza oso positiboa izan da gainerako kideekin harremana egiteko orduan ere. Gure parte-hartzeak bide berriak irekitzen eta orain artekoak finkatzen lagunduko duela uste dut.

Lehen esan bezala, aurreko Wikimanietan gure aurretik egon ziren beste wikilari euskaldun batzuk munduko wikilari askoren artean estimu, aztarna eta irudi bikaina utzi dute beraien lan, jarrera eta izakeragatik.