Jump to content

WikiEmakumeok Erasmus+/GLAM tresna-kutxa

From Meta, a Wikimedia project coordination wiki
This page is a translated version of the page WikiWomen Erasmus+/GLAM toolkit and the translation is 100% complete.

GLAM Tresna-kutxa

Wikimedia proiektuek plataforma indartsuak eskaintzen dituzte galeria, liburutegi, artxibo eta museoek (GLAM) munduarekin ezagutzak partekatu ditzaten, boluntario komunitateak aktibatu ditzaten eta gaitasun digitalak garatu ditzaten. Bestalde, edukian hutsune handiak daude, hala nola emakumeen presentzia eskasa. WikiEmakumeok proiektuaren helburua Wikipedian dagoen genero-arrakala horren aurka borrokatzea da, GLAMekin indarrak batuz, gordetzen eta biltzen duten ezagutza horren irudikapena handitzeko, Wikimediarekin lan egiteko trebetasun digitalak hobetzeko eta, aldi berean, hizkuntza gutxituen sareko ikusgarritasuna handitzeko.

Tresna-kutxa hauen Helburua

GLAMek Wikimedia komunitateekin lan egin dezakete beren erakundeen ezagutza esklusiboak zehazteko, eta, horrez gain, lan egiten duten eta ordezkatzen dituzten adituen komunitateek bildutako ezagutzak ere susta ditzakete. Tresna-kutxa honen helburua da GLAMei dibulgazio eta truke-programa egituratu bat ezartzen, eta eskolekin epe luzerako harremana osatzen laguntzea, lankidetzan emaitzarik onenak lor ditzaten.

Tresna hauek GLAMen barruan hezkuntza-dibulgazioan aritzen direnentzat dira, ikasleak GLAM testuinguruan hartzen laguntzeko, WikiEmakumeok programa euren hezkuntza-dibulgazioko jardueretan txertatuz. Tresna-kutxak ikasteko materialak eta urratsez urratseko ekintza-plana eskaintzen ditu, hainbat aukera eta sartze-mailarekin.

Niretzat egokia al da tresna-kutxa hau?

Tresna-kutxa hau bere GLAM testuinguruan ikasleak hartzeko prest dagoen edozein GLAMentzat da. Ez da beharrezkoa zure GLAM bildumak edo arduradunen trebetasunek WikiEmakumeok proiektuaren oinarri guztiak betetzea, eskoletara iristeko zure baliabide eta bide propioa aukera dezakezu. Hamaika dira hartu daitezkeen bideak: hizkuntza gutxituak, genero-desoreka, hauen sareko ikusgarritasuna, ikerketa-trebetasunak eta trebetasun digitalak (bakoitza bere aldetik edo biak konbinatuta). Informazio gehiago behar duzu? Kontsultatu gure baliabideak beherago.

Hizkuntza gutxituak

Definizioa

Hizkuntza gutxitua terminoa XX. mendearen azken hamarkadetan sortu zen. Hitz hori erabiltzeak eztabaidak sor ditzake, modu honetan hizkuntza gutxitua beti beste hizkuntza nagusiago baten testuinguruan definitzen delako, botere gatazka testuinguruan.

Hiztunak hizkuntzan eta kulturan gehiengoa duen taldetik bereizten dira, eta ohikoena demografia- eta botere-gutxiagotasuna elkarrekin izatea den arren, talde gutxitua ez da, nahitaez, kopuruz txikiagoa. Hizkuntza hauek babesteko Europako Kontseiluak «eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntza» terminoa erabiltzen du izen bereko Gutunean (1992), negoziazio luzeen ondoren. Negoziazio horiek erakusten dute erabilitako terminoak aldatu egin daitezkeela, hizkuntza bat bere horretan sailkatzeko aplikatzen diren arauen eta testuinguru geopolitikoen arabera.

Horregatik, ez dago adostasun zientifikorik terminoaren erabilerari buruz. Europako herrialde gehienetan, laguntza ofizialen bat eskaintzen duten dokumentu juridikoetan definitzen dira hizkuntzak. Aurrez aipatutako Europako Gutun honek definizio hauek ezartzen ditu:

  1. "Eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntza" aipatzean, honakook hartzen dira kontuan:

i. estatu bateko lurralde batean aspaldidanik estatu horretako biztanleek, estatuko gainontzeko biztanleak baino kopuru txikiagoa izanik, erabilitako hizkuntzak; eta baita

ii. estatu jakin horretako hizkuntza ofiziala edo ofizialak ez direnak.

Estatuko hizkuntza ofizialaren edo ofizialen dialektoak nahiz etorkinen hizkuntza ez dira kontutan hartzen;

  1. "Eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntza erabiltzen duten lurraldea" karta honetan ohartemandako babes eta sustapenerako zenbait neurri hartzea bidezko egiteko besteko hiztun kopurua duen hizkuntzaren geografia eremua da;
  2. "Lurralderik gabeko hizkuntzak" aipatzean, estatuko gainontzeko biztanleek erabili baina estatuko lurraldean aspaldidanik erabilita ere, estatuko eremu geografiko jakin bati lotuta ez daudenak dira.

Zergatik da garrantzitsua hizkuntza gutxituak babestea?

Lehenik eta behin, hizkuntzak oso aberasgarriak dira. Komunikazio-tresna ez ezik, pertsona baten nortasuna eta gizartean duen lekua definitzen dituen elementu bat ere izan ohi da. Bigarrenik, beste hizkuntza batzuekin harremanetan jartzeak eta hizkuntza horiei buruz ikasteak enpatia kulturala sustatzen du eta gaitasun kognitiboak hobetzen ditu. "Hizkuntza gutxitu" bat ikasten dutenek sakonago estimatzen dute aniztasuna eta konpromisoa dute hizkuntza-ondarea zaintzeko.

Hizkuntza gutxituak indartzeko gaitasunak eta lankidetza

Ez da beharrezkoa hizkuntza gutxituetan aditua izatea proiektua zure dibulgazio jardueretan txertatzeko. Hala ere, proiektuaren helburuetako bat hizkuntza gutxituek sarean duten posizioa indartzea denez, ez dago esan beharrik pentsamolde irekia izan behar dela eta eskualdeko egoera eleanitza errespetatu behar dela.

Ez baduzu interesatzen zaizun hizkuntza gutxituaren inguruko esperientziarik, baina hizkuntza hori txertatu nahi baduzu, ideia ona da gai horretan aditua den pertsona bat bilatzea. Ez dakizu nola aurkitu? Hizkuntza askok dituzte pozik laguntzeko prest dauden pertsonak. CLARIN hizkuntza-ikerketarako azpiegitura adibide ona da hainbat herrialdetan laguntzen duten institutuen ikuspegi orokorra izateko.

Jakina, beti aukera dezakezu proiektuaren beste helburuetako bat (gaitasun digitalak, ikerketa gaitasunak, genero berdintasuna) ikastetxeekin duzun lankidetzaren oinarri nagusi gisa.

Genero Arrakala

Interneteko Wikipedia entziklopedia munduko informazio iturri ezagunenetako bat den arren, eduki falta nabarmena du emakumeei eta hauen lorpen garrantzitsuei dagokienez. Ikerketek erakusten dutenez, Wikipediako biografia guztien %20 baino gutxiago dira emakumeei buruzkoak. Wikipediaren ezagutza sortzen duten editoreen artean, % 15-20 inguru dira emakumeak. Emakumeak ingelesezko Wikipediaren irakurleen % 30 inguru baino ez dira, eta zifrak baxuagoak dira garapen bidean dauden herrialdeei begiratuz gero.

Wikimedia proiektuetan dauden aurreiritziek plataformatik haratagoko ondorioak izan ditzakete, hala nola, egungo estereotipoak betikotzea, tradizionalki gizonezkoen nagusitasuneko ikuspuntuen alde egitea, ikuspegi feministak ezabatzea edo baztertzea eta emakumeentzat eta pertsona ez-binarioentzat garrantzitsuak diren kontzeptuak eta ideiak ez aipatzea. Wikimedia proiektuetan genero dibertsitaterik ez egoteak gurpil zoro bat sor dezake: emakumezko irakurle gutxiago izateak, ekarpenak egiten dituzten emakume gutxiago izatea dakar, eta horrek emakumeei buruzko eduki gutxiago sortzea ekar dezake. Wikimedia proiektuetan emakumeen ordezkaritza txikia izateak Wikimedia mugimenduan emakume lider gutxiago egotea dakar, non eredu femenino nabarmenen faltak emakumeen parte-hartzea are gehiago murrizten duen.

Gaitasun digitalak, ikerketarako gaitasuna eta Wikipedia

Wikipediarekin proiektuak arrakastaz antolatzeko, garrantzitsua da gutxienez langileetako batek Wikipediaren oinarrizko erabilera ezagutzea, baina ez da beharrezkoa wikilari aditu bihurtzea. Tresna sorta honek Wikipedian aritzeko oinarrizko azalpenak emango dizkizu, hala nola artikuluen idazketa, moderazioa eta edizioa. Hala ere, gomendagarria da Wikipediako eta Wikimedia komunitateko jokabide-kodeak ere ezagutzea. Saiatu Txokoan zure burua aurkezten eta ikasi gehiago Wikipediaren atzean dagoen jendeari buruz eta haiengana nola iritsi.

Hezkuntzako arduradunaren packa

WikiEmakumeok programa GLAM testuinguruan txertatu nahi duen hezkuntza-dibulgazioko arduradun bat zara? Tresna-kutxa honek WikiEmakumeok proiektuari eta Wikipediaren funtsezko alderdiei buruzko ikaskuntza-materialen erabileran gidatuko zaitu, eta zure dibulgazio-programa sortzeko hainbat jarduera konbinatzen eta Wikipediarekin konfiantzaz lan egiten lagunduko dizu, artikuluak idazteari, moderazioari, edizioari eta abarri dagokienez.

Jarduerak

WikiEmakumeok jarduerak eta GLAM lokalekin lankidetza

WikiEmakumeok ekimenak erronka ugari ditu datozen urteetarako: gaitasun eta alfabetatze digitalen beharra, Europako hizkuntza txikienen eta gutxituen posizioa, eleaniztasuna eskola-programetan integratzeko beharra eta genero berdintasunaren garrantzia, ez bakarrik gizartean, baita eskuratzen dugun informazioan ere.

Gaur egun hazten ari diren belaunaldiak ohituta daude munduko informazioa sakelan daramaten smartphonearen bidez etengabe eskuragarri dutela pentsatzera. Hala ere, informazio kopuru erraldoi horrek gaitasun berriak ikasteko beharra sortzen du: nola aurkitu informazio fidagarria, nola egiaztatu sarean dagoen informazioa, nola aurkitu behar den informazio garrantzitsua eta non aurkitu informazioa digitalki eskuragarri ez badago. Gaitasun digitalak ezinbestekoak dira datozen belaunaldientzat, ez bakarrik etorkizuneko karrera akademikoetarako eta lanerako, baita herritar informatuak izateko ere, desinformazio eta «fake news» bidez erraz engainatuak izango ez direnak. Wikipediako artikulu bat idazteak trebetasun horiek garatzeko modu bikaina eskaintzen die ikasleei, sareko zein saretik kanpoko iturriak erabiliz eta aipatuz, baita beren kabuz sareko lan bat argitaratzeko prozesua ikusteko ere, zeina, aldi berean, beste batzuentzat informazio iturri izango den. Wikipediako datuak gero eta gehiago erabiltzen ditugun tresna digitaletan integratzen direnez, hala nola Sirin edo Googlen, gero eta garrantzitsuagoa da hizkuntza gutxituek webgunean duten presentzia indartzea, aro digitalean garrantzitsuak izaten jarraitzeko. Zorionez, Wikipediaren kode irekiko izaerak esan nahi du guk, erabiltzaile indibidualak garen aldetik, benetako aldaketa batean eragin dezakegula.

Galeriak, liburutegiak, artxiboak eta museoak informazio-altxorra dira, eta hizkuntza gutxituak dituzten lekuetan, bertako kultura-ondarearen eta ondare linguistikoaren zaindariak dira bereziki. Hezkuntzarako potentziala handia dago, batez ere ikerketa-gaitasunei eta bertako-nortasunari dagokienez. Hori WikiEmakumeok proiektuaren gaitasun digitalen helburuarekin konbinatzea irtenbide zoragarria izan daiteke GLAMentzat.

Material didaktikoa/tailerretako txantiloiak

Lotura

Wikipediarekin lanean

Artikuluak idaztea

Moderazioa

Edizioa

Iturri Erabilgarriak

  • Open GLAM and Education:[Ingelesez] Irakasleek eta hezitzaileek baliabide digitalei buruz duten ikuspegia. Txosten honek "Open GLAM & education" ikerketa-proiektuaren ondorioak aurkezten ditu. Ondarean oinarritutako sareko tresna, baliabide eta bilduma digitalizatuek EBko herrialdeetako hezkuntza formal eta ez-formalean duten garrantzia ulertzen saiatzen da proiektu hori.
  • Open GLAM and impact: [Ingelesez]Web-mintegi honetan kultura-ondarea berrerabiltzeko moduak aztertzen dira, bai eta proiektuek eta erakundeek haren eragina nola neurtzen duten eta proiektu horietako batzuek kultura-ondarerako sarbide irekia defendatzen nola laguntzen duten ere.
  • The WikiMOOC: [Ingelesez] Wikipedia editatzen ikasteko modu berri bat. Lehen saioaren hasierako emaitzek erakutsi zuten WikiMOOCek arrakasta handia izan zuela Wikipedian ordezkaritza txikia zuten pertsonengana iristeko orduan. Horrek hasierako frogak ematen ditu, MOOCak proiektuen barruan aniztasuna sustatzeko balia daitezkeela erakusten dutenak.

Proiektu Packa: Ekintza plana urratsez urrats

Proiekt-pack hau GLAMei eta hizkuntza erakundeei laguntzeko diseinatuta dago, horretarako urratsez urrats antolatutako ekintza plan batekin, WikiEmakumeok programa beren hezkuntza dibulgazio jardueretan estrukturalki txerta dezaten. Hemen aurkituko dituzu praktika inspiratzaile onak, zure inguruko eskolekin eta beste GLAM batzuekin lan egiteko aholkuak, eta euskarazko Wikipedia zure sare zabalenean erabiltzeko modu desberdinei buruzko gida bat, hizkuntzaren online presentzia bultzatzeko.

GLAM erakundeek beren bildumetarako sarbidea eskain diezaiekete ikasleei, eta ikerketa-baliabide gisa erabiltzeko trebetasunak eta konfiantza garatzen lagun diezaiekete. Konpromiso publikoak publikoa ere inspiratuko du, eta lankidetzak bideratuko ditu. Ingalaterrako Arteen Kontseiluak konpromiso publikoaren hurrengo bost emaitza generikoak ematen ditu. Hezkuntza-dibulgazioko jarduera bat antolatu aurretik, GLAM testuinguruak eragin nahiko lituzkeen aldaketei buruz hausnartzea gomendatzen da.

Praktika onak

Eskolekin lanean

Oxfordeko Unibertsitateko Historia Naturalaren Museoak gazteekin lan egiten du, ikerketarekin duen konpromiso publikoaren parte gisa. Ikasketa jardueren barruan sartzen da curriculum maila ezberdinetako ikasketa formalean laguntza ematea, eta parte hartze jardueren artean daude erabilera independenterako baliabideak ematea edo zuzeneko parte hartze saioak GLAMaren inspirazio-espazioen barruan.

Oxfordeko Unibertsitateko Zientziaren Historia Museoak ikasleentzako ikasle egunak antolatzen ditu, Emakumeak Astronomian lantzeko eguna, adibidez. Ikasketa-jardunaldi horiek ikasleak inspiratzeko eta GLAM testuinguruko ikerketaren eta beste trebetasun batzuen ikuspegi bat eskaintzeko diseinatuta daude, garrantzitsuak baitira beren ikasketetarako.

Alfabetatze digitaleko baliabideak GLAMentzat

Europeana, Europako kultur ondare digitalaren plataformak, txosten bat argitaratu zuen GLAMetarako eraldaketa digitalaren agendari buruz.

Wikipediak honela definitzen du eraldaketa digitala: «teknologia digital berria, azkarra eta maiz aldatzen dena erabiltzea arazoak konpontzeko».

GLAMentzat, «digital» terminoa eduki, zerbitzu, esperientzia, datu, sistema edo teknologia guztiei dagokie. Eraldaketa digitalaren erdigunean aldaketa sakonaren nozioa dago. Gizabanako edo erakunde batek aldaketa horri aurre egiteko duen gaitasuna bere heldutasun digitalak eta alfabetatze digitalak definitzen ditu batez ere.

GLAMak digitalerantz biratzea

2020ko urtarriletik, GLAM sektorea aro digitalean sartu da bete-betean. Erakundeak lan digitalera pasatzera behartuta egon dira lehen pentsaezina izango zen aldaketa-abiadura batean.

GLAMetan mugimendua gertatu da jadanik existitzen ziren eduki digitalak berrargitaratzeko eta birpaketatzeko, eduki digital berriak sortzeko eta zuzeneko ekitaldiak antolatzeko norabidean aldaketa eman da (liburutegietan sareko istorio kontaketak egitea edo erakusketak sareko ibilbideen bidez erakustea, adibidez). Honek, ezinbestean, erronka asko planteatu ditu langileek sarean lan egiteko duten gaitasunari dagokionez, eta hutsune larriak utzi ditu agerian gaitasun digitaletan eta beren taldeen konfiantzan. GLAM askorentzat, gaitasun digitalak eskuratzeak eraldatzaile izateko potentziala du. Hori esanda, beharrezkoa da oinarrizko gaitasun digital sendoak sortzen hastea.

Azken urteotan, GLAM sektorean gaitasun digitala garatzeko laguntza-ekimen, zerbitzu eta praktika-komunitate ugari garatu dira mundu osoan zehar. Jarraian, trebetasun digital kritikoak garatzeko baliabide baliotsuak eskaintzen dituzten ekimen hauetarako estekak aurkituko dituzu. Ekimen horiek Erasmus+eko WikiEmakumeok proiektua abian jartzen lagunduko diote zure erakundeari.

  • Erresuma Batuan, Digital Skills for Heritage, 2020an abian jarria, gaitasun digitalak eta ondare britainiarraren sektore osoarekiko konfiantza handitzeko diseinatuta dago. Berariazko hainbat laguntza-lerro ditu, mota eta eskala guztietako ondare-erakundeen beharrak asetzeko.
  • The Digital Culture Network Arts Council England erakundeak zuzendutako ekimena da. Sormenaren eta kulturaren garapenerako erakunde nazionala da, eta gobernuaren eta loteriaren funtsak banatzen ditu. Ingalaterrako kultura-erakundeek Tech Championsen aholkularitza pertsonalizatua eta baliabide digitalak eskura ditzakete.
  • The Digital Culture Compass, hau ere Arts Council Englandek enkargatua, arte, kultura eta ondare erakundeei teknologia digitala beren lanean integratzeko laguntza emateko tresna-kutxa da (oharra: GLAMak barne eta harago). Bi elementu ditu: Karta bat, jardunbide digital onenak deskribatzen dituena, eta Arakatzaile bat, erakundeei teknologia digitalaren ikuspegia ebaluatzeko eta etorkizunerako lan planak egiteko aukera ematen diena.
  • Belgikan, Digital leadership in the cultural sector GLAMetan lidergo digitala txertatzeko beharrezkoak diren gaitasunetan zentratzen da. Eraldaketa digitalari ekiteko eta estrategia digital eraginkorrak sortzeko oinarriak ematen ditu. Prestakuntza hori coaching pertsonalean oinarritzen da, eta kultura-sektore zabalari zuzenduta dago bereziki.
  • Towards a digital cultural ecosystem proiektuak gobernantzaren ikuspegi partekatua jarri nahi du abian, azpiegituren eta datuen ikuspegi bat, non interdependentziak eta partekatutako zerbitzuak funtsezkoak izango diren eta kultura-sektorearen eraldaketa digitala sustatzeko ibilbide-orri bat aplikatu ahal izango den.
  • Europeana report txostenak bazkide askoren GLAM proiektu kolaboratiboak identifikatzen ditu, gaitasun digitalaren garapenaren alderdi desberdinak dituztenak, beren zereginaren parte gisa. Eman begiratu bat zure helburuekin bat zein etor daitekeen ikusteko.
  • GIFT EBko Horizon 2020 ikerketa programak finantzatutako ikerketa proiektu kolaboratiboa da. Proiektuak artistak, diseinatzaileak, museoetako profesionalak eta nazioarteko ikertzaile ospetsuak bildu zituen, museoei arlo fisikoa eta digitala uztartzen dituzten esperientziak sortzen laguntzeko, kultur ondarearekin topaketa pertsonalak eskainiz.
  • Meaning Making- narrazio digitaleko ikastaro interaktiboa, Deutsches Museumek antolatua eta Andrea Geipelek eta Abhay Adhikarik zuzendua. Programa honek ideia praktikoak garatzen laguntzen du, beren kultur eskaintza sarean garatzeko, beren komunitateak hezteko, entretenitzeko eta informatzeko.
  • Smart Places - Creative Europe-ek finantzatutako proiektu honek lotura digital bereizgarria duten 55 jarduera baino gehiago biltzen ditu, guztiak erakunde bakoitzaren egungo publikoaren eta publiko potentzialaren segmentu desberdinei zuzenduta.
  • Library Carpentry - gaitasun digitalak garatzea, liburutegiei arreta berezia eskainiz, liburutegiekin eta informazioarekin lotutako komunitateetan softwarearen eta datuen arloko gaitasunak garatuz.
  • Digital Arts Service Alliance (DigitalASO/OSANumériques)- Canada's Digital Strategy Fund-ek finantzatzen du, eta sektore arteko saiakera da, bost urteko agintaldiarekin, Kanadako zerbitzu artistikoen eraldaketa digitala sustatzeko, alfabetizazio digitalari, prestakuntzari eta aliantza eta plataformen sorrerari buruzko ikerketaren bidez.
  • GLAM Labs - GLAM labs nazioarteko komunitate bat jaio zen 2018an Erresuma Batuko 'Library Labs' global baten baitan. Komunitatea 250 pertsona izateraino hazi da, 60 erakunde baino gehiagotik, 30 herrialde baino gehiagotan. Slack kanal bat ere kudeatzen dute kideentzat.

Ekintza plana

Hezkuntza-dibulgazioko jarduera baten arrakastaren gakoa plangintza da: garrantzitsua da pentsatzea zergatik inplikatu nahi duzun eta nor inplikatu nahi den, nola egingo den erabaki aurretik. Idealki, ikerketa jardueraren diseinuarekin batera pentsatu beharko litzateke parte hartzea. Helburua ikerketaren kalitatea edo eragina hobetuko duten elkarrekintza-jarduerak lehentasunez aztertzea izan beharko litzateke.

Zergatik?

Jarduera bat planifikatzen denean planteatu behar den lehen galdera hau da: Zergatik inplikatu nahi duzu publikoa?

Zure bilduma ezagutaraztea, nortasun eta hizkuntza lokala sustatzea eta babestea, eta ikasleak gaitasun digitaletan heztea WikiEmakumeok proiektuaren parte dira. Helburua publikoarekin elkarlanean aritzea da.

Nor?

Pentsatu behar den bigarren galdera da: Norekin egin nahi duzu lan?

Pertsonak desberdinak dira alderdi askotan: interesak, afiliazioak, aurrekariak, adina, egoera ekonomikoa, kokapena, sexua... Norengana iritsi nahi duzun, zure ikerketaren izaeraren eta konpromisoaren arrazoien araberakoa izango da.

WikiEmakumeok jarduerak talde demografiko argia eta espezifikoa dute buruan - ez "publiko orokorra". Xede-publikoa mistoa izan daiteke, baina garrantzitsua izango da talde horretan nor sartzen den aztertzea. Adibidez, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eleaniztunak eta hizkuntza-eremu elebidunetako Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira xede-publikoa.

Nola?

Norekin lan egin nahi duzun identifikatu ondoren, beregana iristeko modurik onena beste erakunde batekin elkarlanean aritzea izan daiteke. Jarri harremanetan zure eremuko hizkuntza-erakundeekin edo bestelako GLAMekin, ekitaldi bat antolatu edo lagun dezakezuen ikusteko.

Bilatu editore esperientziadunak
Ekitaldi bat antolatzen duzun lehen aldia bada, baliagarria izan daiteke esperientzia duen wikilari baten laguntza izatea. Aukera hau aprobetxa dezakezu zure inguruko Wikimedia mugimenduaren afiliatu edo Erabiltzaile taldeekin harremanetan jartzeko.
  • Wikimedia mugimenduaren afiliatuen eta kontaktuen zerrenda bilatu hemen.
  • Wikimedia erabiltzaile talde eta kontaktuen zerrenda aurkitu hemen.

Promozio Materiala

WikiEmakumeoken marka irudia ikusgarritasuna eta konpromisoa hobetzeko diseinatuta dago. WikiEmakumeok markarako ezarritako jarraibideek plataforma eta material guztietan identitate bateratua eta ezagutzeko modukoa bermatzen dute.

Zure ebentuaren xehetasunak eskura dituzun sare sozialetan partekatzeak publizitate handiagoa eman diezaioke zure bildumari eta WikiEmakumeok proiektuari eta helburuei. Egungo antolatzaile askok X (Twitter), Instagram eta Facebook erabiltzen dituzte sustapen kanal nagusi gisa - urrats bat harago ere joan zaitezke, eta Facebooken ekitaldiari eskainitako orri bat sortu, xehetasunak eta eguneratzeak partekatzeko.

GLAMek funtsezko zeregina dute WikiEmakumeok proiektuan. Zure mezuek jarrera berezi hori adierazi behar dute, hezkuntzaren, hizkuntza gutxituen eta emantzipazioaren garrantzia azpimarratuz. #WikiEmakumeok, WikiWomen, edo interesekoak izan daitezkeen beste traola batzuk erabili.

  • Logoari buruzko jarraibideak: WikiEmakumeok-en logoa erabili ikusgarritasuna eta parte-hartzea areagotzeko, eta, aldi berean, plataforma guztietan presentzia kohesiboa eta ezagutzeko modukoa mantenduz. Ziurtatu koloreak, letra mota eta logotipoaren kokapena ez direla aldatzen. erabili emandako bertsioak, identitate koherentea eta ezagutzeko modukoa lortzeko. WikiEmakumeok logotipoak aurki ditzakezu hemen. Ingelesez, irlanderaz, euskaraz eta frisieraz daude eskuragarri eta erabilera librekoak dira.
  • Koloreak eta tipografia: Wikiemakumeokn markak kolore-paleta bat eta tipografia bereizgarri bat ditu, eta horiek dira bere identitate bisualaren oinarria. WikiEmakumeok-ek ‘Open Sans Bold’ erabiltzen du tituluetarako eta ‘Open Sans Regular’ testuaren gorputzerako. Koloreen konbinazioa kontu handiz aukeratzen da marka irudikatzeko, eta ez da aldatu behar. Horrek bermatzen du proiektuaren iterazio guztiak mugaz gaindiko lankidetzekin bat etortzea. WikiWomen Erasmus+ Brandbookean koloreen konbinazioari eta iturrien erabilerari buruzko xehetasun guztiak aurki ditzakezu. hemen.
  • Irudiak eta ikonoak: Ikusizko elementuek ahalduntze-, aniztasun- eta lankidetza-markaren espiritua islatu behar dute. Ikonoek sinpleak baina esanguratsuak izan behar dute, eta bat etorri behar dute gure koloreen eskemarekin, markaren koherentziari eusteko.

Ebaluazioa

Plangintzaren azken urratsa ebaluazioa kontuan hartzea da. Ebaluatu nahi duzuna kontuan hartzeaz gain (pertsonak, deskargak, bisitak eta beste parametro batzuk), pentsatu jarduera baten inpaktua neurtzeko moduetan, adibidez, parte hartzen duen publikoaren lagin bat hautatuz eta jardueraren ondorioz benetan aldaketarik gertatu den aztertuz. Era berean, jarduerari buruz hausnartu beharko zenuke ikertzaile zaren aldetik, eta pentsatu beste lankide batzuei haien hausnarketei buruz galdetzea. Adibidez:

Informatzeko eta inspiratzeko ekimenak: Aldaketarik gertatu al da publikoan: ezagutzak eskuratzea, jarrerak, pertzepzioak edo portaerak aldatzea?

Aholkularitza: Parte-hartzaile publikoen iritziek eta ikuspuntuek proiektuaren helburuak aldatzea ekarri al zuten edo horiek hobetzen lagundu al zuten?

Lankidetza: Nola eragin zituen aldaketak publikoaren parte-hartzeak proiektua gauzatzeko moduan?