Basque Wikimedians User Group/Bylaws

From Meta, a Wikimedia project coordination wiki

ELKARTEAREN ESTATUTUAK

Aitzin solasa[edit]

Kultura unibertsalak, gizakiak mendeetan zehar pilatu duen jakintza eta ezagutza zientifikoak, teknikoak, humanistikoak, artistikoak edo historikoak, besteak beste, ez luke gutxiengo baten ondare esklusiboa izan beharko. Aitzitik, gizaki ororen eskura dagoen altxorra izan beharko luke gure ustez. Kulturaren bidez lortuko baitu gizateriak ez soilik ezjakintasunari aurre egitea, baita elkarbizitzarako baloreak bereganatzea ere. Kulturak askeago egiten gaitu eta, era berean, gizakien arteko harremanak erraztu eta hobetu egiten ditu. Jakintza unibertsala edonoren eskura egon zedin, 2001ean, Wikipedia sortu zen munduko hizkuntza gehienetan. Wikipedia entziklopedia digitala, askea, irekia eta doakoa da, teknologia berriak erabiltzen dituena ahalik eta pertsona gehienetara iristeko. Auzolanean egindako entziklopedia honek iraultza bat ekarri du kulturaren jabetze-prozesuetan, munduko web-orri bisitatuenen artean baitago. 2003. urtean agertu zen Wikipediaren euskarazko bertsioa, kultura unibertsala euskaldunen eskura ipintzeko. Bide luzea egin du geroztik, eta mugarri garrantzitsu batzuk jarri. Ez dago zalantzarik euskaldunon hizkuntza-komunitateari aukera berriak eskaintzen dizkiola gure Wikipediak, urtez urte hazten ari dena edukien zein erabilpenaren aldetik. Eta, hain zuzen, euskarazko Wikipedia eta bere inguruan dauden proiektuak sustatzen, ezagutarazten eta hobetzen konprometituta gauden lankide batzuek elkarte hau sortzea erabaki dugu.


Lehenengo kapitulua[edit]

Izena eta lege-araubidea[edit]

1. artikulua.- Irabazi-asmorik gabeko EUSKAL WIKILARIEN KULTURA ELKARTEA (EWKE) izeneko elkartea eratu da, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean ezarritakoaren arabera eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 9. eta 10.13 artikuluetan azaltzen denarekin bat etorriz.

Elkartea arau hauen mende egongo da: aipatutako elkarteei buruzko legeak, estatutu hauek (legearen aurkakoak ez badira), elkartearen gobernu-organoek behar bezala hartutako erabakiak (legearen edota estatutuen aurkakoak ez badira) eta Eusko Jaurlaritzak onesten dituen erregelamenduzko xedapenak (azken horiek osagarriak izango dira).

Elkartearen helburuak[edit]

2. artikulua.- Hona elkarte honen HELBURUAK:

Kultura eta jakintza unibertsala euskaldunen eskura jartzea, formatu askean dauden entziklopediak, Liburuak, hiztegiak eta beste agiri batzuen bidez . Euskarazko Wikipedia sustatzea, ezagutaraztea eta zabaltzea. Sustapena bi norabidetan gauzatuko da: alde batetik, edukien kopurua areagotzeko eta horien kalitatea hobetzeko, lankide berrien sartzea lehentasunetako bat izango da. Bestalde, euskaldunen artean euskarazko Wikipediaren erabilera ere bultzatuko da, haren ikusgarritasuna indartuz eta, hartara, bisitarien kopurua handitzeko. Euskararen normalizazioari laguntzea kultura, tokikoa eta unibertsala, hedatuz, euskal Wikipedia eta berarekin lotura duten proiektuak erabiliz (hiztegiak, liburuak, irudiak...). Orokorrean, Wikimediaren helburuekin bat eginez, auzolana eta jakintza askea sustatzea.

Helburu horiek lortzeko, JARDUERA HAUEK egingo dira, ezarritako legezko betekizunak bete ondoren:

Euskarazko Wikipediaren lankideen arteko komunikazio-bideak ireki, lankide horien arteko sinergia berriak ezarriz, Wikipediaren onerako izango direnak. Horretarako, eztabaida irekiak, hausnarketarako jardunaldiak eta foroak antolatuko dira, Wikipedia eta berarekin lotura duten proiektuak hobetzeko.

Tailerrak eta formazio-ikastaroak antolatu, euskaldunek Wikipedia ezagutu eta proiektuan parte har dezaten. Komunikabideekin harremanetan sartu eta haien programetan (telebista, irratia, aldizkariak...) parte hartu, euskal Wikipediari buruzko informazioa emanez eta bere ezagutza hedatuz. Enpresa eta erakunde publikoekin zein pribatuekin elkarlanean jardun, euskal Wikipedia eta bere inguruko proiektuak hobetu ahal izateko. Erakunde horiekin batera ikastaroak eta sariak antolatu. Euskarazko Wikipedia indartzeko bazkideen ustez onuragarria den edozein jarduera abiatu, beti ere estatutu horiekin bat datorrena.

Aurreko paragrafoan azaldutako jarduerak gorabehera, elkarteak, bere xedeak betetzeko, honako hauek egin ahalko ditu:

Helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatu. Era guztietako ondasunak edozein tituluren bidez eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintzak eta kontratuak egin. Nolanahiko ekintzak burutu, betiere legeekin eta Estatutuekin bat etortzekotan.

Helbide soziala[edit]

3. artikulua.- Elkarte honen egoitza helbide honetan egongo da: Kalea: Egia kalea zk.: 10 solairua: 2-1 Udalerria: Donostia P.K.:20012.


Elkarteak beste lokal batzuk ere eduki ditzake Autonomia Erkidegoan, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu.

Lurralde eremua[edit]

4. artikulua.- Elkarteak batez ere hemen garatuko ditu bere funtzioak: Euskal Herria

Iraupena eta izaera demokratikoa[edit]

5. artikulua.- Elkartea iraunkorra izateko eratu da, eta VI. kapituluan esaten den bezala ezohiko batzar orokorrean hartutako erabaki bidez baino ezingo da desegin, edo legeetan aurreikusitako arrazoiren batengatik.

Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua demokratikoa izango da, eta pluraltasuna erabat errespetatuko da. Erabat deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako edozein betetzen ez duten itunak, estatutu-xedapenak eta erabakiak.


Bigarren kapitulua[edit]

Aginte- eta administrazio-organoak[edit]

6. artikulua.- Elkartearen agintea eta administrazioa kide anitzeko organo hauen esku egongo da:

Bazkideen Batzar Orokorra izango da organo gorena. Zuzendaritza Batzordea izango da kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.

Batzar orokorra[edit]

7. artikulua.- Batzar Orokorra bazkide guztiek osatzen dute, eta organo honen bidez adierazten dira bazkideen nahiak.

Batzar Orokorraren ahalmenak:

a) Elkartearen jarduera-plan orokorra onartzea. b) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertu eta onartzea. c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea. d) Estatutuak aldatzea. e) Elkarteak desegitea. f) Presidentea, idazkaria, diruzaina eta kide anitzeko aginte-organoko gainontzeko kideak –horrelakorik baleude–izendatzea eta kargutik kentzea; eta horiek guztiak ikuskatu eta kontrolatzea. g) Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietatik ateratzea. h) Ondasun higiezinak erabili edo besterentzeko erabakiak hartzea. i) Aginte-organoko kideei ordaindu egin behar zaiela erabakitzea, hala komeni bada. j) Kuota arruntak eta bereziak ezartzea. Ahalmen hori, hala ere, Batzar Orokorrak aginte-organoari eskuordetu diezaioke horretarako bereziki hartutako erabakiaren bidez. k) Bazkideak behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea. l) Beste organo sozialen bati esleitu gabeko beste edozein eskumen.


8. artikulua.- Batzar Orokorrak saio ohiko bilkurak eta ez-ohiko bilkurak egingo ditu.

9. artikulua.- Batzar Orokorrak gutxienez urtean behin egin beharko du ohiko bilkura, 7. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan zehaztutako erabakiak hartze aldera.

10. artikulua.- Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean bilduko da ezohiko bilkuran, bere ekimenez edota bazkideen % 25ek eskatu duelako. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dira, baina, nolanahi ere, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko bilduko da:

a) Estatutuak aldatzea. b) Elkarteak desegitea.

11. artikulua.- Batzar Orokorra biltzeko deialdiak idatziz egin behar dira, eta bilkuren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, bai eta gai-zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen zehatzarekin. Deialdia egiten denetik bilkura lehen deialdian egiteko ezarritako egunaren artean gutxienez bost egun pasatu beharko dira. Hala badagokio, bigarren deialdiaren data eta ordua ere adieraz daitezke. Dena dela, deialdi batetik bestera gutxienez ordu erdiko tartea utzi beharko da.

Batzar orokorrak –ohikoak nahiz ezohikoak– deialdian balio osoz eratuta geratuko dira lehenengo deialdian, botoa emateko eskubidea duten bazkideen herena bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten bazkideen kopurua edozein dela ere.

12. artikulua.- Batzar Orokorraren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, hau da, bertaratuen nahiz ordezkatuen baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Dena den, bertaratutakoen edo ordezkatutakoen gehiengo osoa beharko da (erdia + 1), honako erabaki hauek hartzeko:

a) Elkarteak desegitea. b) Estatutuak aldatzea. c) Ondasunak erabili edo besterentzea. d) Ordezkaritza-organoko kideei ordaintzea.

13. artikulua.- Bazkideek beste edozein bazkideri eman ahalko diote beraiek ordezkatzeko ahalmena batzar orokorretan. Ordezkaritza hori emateko baimena idatzirik egin beharko da, eta batzordeko idazkariak saioa hasi aurretik eduki beharko du. Elkartearen helbide soziala dagoen herritik kanpo bizi diren bazkideek postaz bidali dezakete ordezkaritza beste norbaiten esku uzteko agiria.

Zuzendaritza-batzordea[edit]

14. artikulua.- Zuzendaritza Batzordea da Batzar Orokorraren xedapen eta zuzentarauei jarraikiz elkartearen interesak kudeatzen eta ordezkatzen dituen organoa. Bazkideek baino ezingo dute osatu ordezkaritza-organoa.

Zuzendaritza Batzordea osatuko dutenak honakoak izango dira: (EZ ADIERAZI ZUZENDARITZA-BATZORDEKO IZEN PROPIORIK, BAIZIK ETA ZUZENDARITZA-BATZORDEKO KARGUAK, SOILIK). (BETE “X” BATEN BIDEZ DAGOKION LEKUTAN)

  • Lehendakaria BAI
  • Idazkaria BAI
  • Diruzaina BAI
  • Idazkaria- Diruzaina
  • Idazkariak, diruzaintza-eginkizuna bete dezake
  • Lehendakariordea
  • Batzordekideak Gehienez:…. BAI
  • Bestelakoak: Adierazi

15. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideren bat bilera horietara 3 aldiz jarraian, edo, tarteka 5 aldiz agertzen ez bada, dagokion kargua utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.

16. artikulua.- Batzar Orokorrak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak. Kargu horiek URTE BETERAKO izendatuko dira, Batzordeak berariaz baliogabetu ezean, eta kargudun berbera behin eta berriro hautatu ahal izango da.

17. artikulua.- Pertsona fisikoek zein pertsona juridikoen ordezkariek baldintza hauek bete beharko dituzte Zuzendaritza Batzordeko kideak izateko:

a) Adin nagusikoa izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta indarrean dauden legeetan ezarritako bateraezintasun-arrazoirik ez izatea. b) Estatutuetan aurreikusitako moduan izendatua izatea. c) Erakundeko bazkidea izatea.

18. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, lehendabizi, Batzorde Orokorrak izangaia hautatu behar du, eta, gero, izendatu horrek kargua onartu behar du.

Zuzendaritza Batzordeko kideen dieta eta gastuak ordaintzea erabaki dezake Batzar Orokorrak.

19. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideek beren kargua utziko dute honelakorik gertatuz gero:

a) Agintaldia bukatzen denean. b) Dimititzen dutenean. c) Bazkide izateari uzten diotenean, edo kargua betetzeko ezintasun-arrazoiak dituztenean. d) Estatutu hauetako 16. artikulua aplikatuz, Batzar Orokorrak kargua baliogabetzea erabakitzen duenean. e) Hiltzen badira.

Bestalde, a) idatz-zatian agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute lehenengo batzar orokorra egin arte. Batzar horretan aukeratuko dira kargudun berriak.

Halaber, b), c), d) eta e) idatz-zatietan agertzen dena baldin bada arrazoia, hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behingoz izendatuko du Zuzendaritza Batzordeak, eta Batzar Orokorrak erabakiko du izendapena onetsi ala ez. Ezetsi egiten badu, behar diren kargu-izendapenak egingo ditu.

Organo honen osaeran egiten diren aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.

20. artikulua.- Hona Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:

a) Elkartearen eguneroko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideekin bat etorriz eta haren kontrolpean. b) Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea. c) Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari aurkeztea, hark onar ditzan. d) Batzar Orokorraren bileretako gai-zerrendak egitea, eta ohiko nahiz ezohiko batzar orokorretarako deialdiak egitea erabakitzea. e) Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta horien inguruan hartu beharreko neurriak hartzea. f) Estatutu hauetako aginduak interpretatzea eta Estatutuetako hutsuneak betetzea, betiere elkarteen inguruan indarrean dauden legeekin bat etorriz. g) Batzar Orokorrak berariazko erabakien bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

21. artikulua.- Zuzendaritza Batzordearen bilkurak presidenteak erabakitzen duen bakoitzean egingo dira, nahiz bere ekimenez nahiz edozein batzordekidek eskatuta. Bilkurako buru presidentea izango da, eta hura ez balego, presidenteordea; eta bi horien faltan, batzordekide zaharrena.

Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak izateko, biltzen diren batzordekideen gehiengoak aldeko botoa eman behar du. Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon beharko du bilkuran. Berdinketarik egonez gero, presidentearen kalitateko botoa izango da erabakiko duena.

Idazkariak bilera-aktak egingo ditu, eta akta horiek gero dagokion liburuan transkribatuko dira.

Zuzendaritza-batzordeko kideak[edit]

Lehendakaritza[edit]

22. artikulua.- Elkarteko presidenteak beregain hartuko du elkartearen legezko ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak gauzatuko ditu. Era berean, aipaturiko bi organo horietako presidente izango da.

23. artikulua.- Presidenteak honako ahalmen hauek izango ditu:

a) Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilera-deiak egin, bilerak bukatutzat eman, bileretan sortzen diren eztabaidak bideratu, eta boto-berdinketa gertatuz gero kalitate-botoarekin erabakitzea. b) Elkartearen ekintzen egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea, eta elkartearen zereginak bultzatu eta bideratzea. c) Baliotasunez erabakitako ordainketak egiteko agintzea. d) Sortzen diren premiazko arazoak konpontzea, eta egiten den lehenengo bilkuran Zuzendaritza Batzordeari horren berri ematea. e) Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

Lehendakaritzaordea (egonez gero)[edit]

24. artikulua.- Presidenteordeak presidenteari lagunduko dio, eta presidenteak ezin badu aldi batean bere kargua bete, presidenteordeak ordezkatuko du. Era berean, presidenteak berariaz eskuordetzen dizkion ahalmen guztiak izango ditu.

Idazkaritza[edit]

25. artikulua.- Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak jaso eta izapidetzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, eta Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea.

Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko xedapenak betetzeaz arduratuko da, erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkartearen liburuen eta artxiboen edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordeko izendapenen eta egoitza sozialaren aldaketen berri emateko egin beharreko jakinarazpenak eginez agintari eskudunari.


Diruzaintza[edit]

26. artikulua.- Egindako diru-sarrera eta ordainketen berri emango du diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteroko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Horiek guztiak Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu behar dizkio, eta horrek Batzar Orokorrari, hark onartu ditzan.


Bokalak[edit]

27. artikulua.- Bokalek beren karguei datxezkien funtzioak izango dituzte, Zuzendaritza Batzordeko kideak diren aldetik (elkartearen zuzendaritza eta kudeaketa arrunta), baita batzordeak berak eskatzen dizkiena ere.

Hirugarren kapitulua[edit]

Bazkideak: onartuak izateko baldintza eta prozedurak, eta bazkide-motak[edit]

28. artikulua.- Elkartekide izan nahi eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona guztiak izan daitezke elkarteko bazkide:

- Euskarazko Wikipedian lankide autokonfirmatua izatea eta gutxienez 50 edizio eginak izatea.

- Adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua izatea, norberaren eskubideak erabiltzeko inolako lege-baldintzaren menpe ez egotea eta ebazpen judizial irmoaren bidez eskubideen erabilera mugatuta ez edukitzea.

Pertsona juridikoak direnean, eskumena duen organoak bere baitan hartutako erabaki baliodunaren kopia aurkeztu beharko dute, eta bertan adierazi bai elkartzeko borondatea, bai beren izenean arituko denaren izendapena.

29. artikulua.- Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu beharko du bere eskabidea, bi bazkidek sinatuta eta presidenteari zuzenduta. Presidenteak eskaeraren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta azken horrek erabakiko du eskabidea egin duena elkartean onartu ala ez. Erabakiaren aurkako gorako errekurtsoa jar dakioke Batzar Orokorrari.


Bazkideen eskubideak eta betebeharrak[edit]

30. artikulua.- Bazkidetutako pertsona guztiek eskubide hauek dituzte:

1) Elkarteei buruzko Legearen edo Estatutuen kontrako erabaki eta jardunak inpugnatzea, inpugnatutako erabakiaren edukia ezagutu duten edo ezagutzeko aukera izan duten egunetik egutegiko 40 eguneko epean. 2) Elkartearen gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaerari, elkartearen kontu-egoerari eta elkartearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea. 3) Elkarteko beste bazkideen nortasuna, diru-sarreren eta gastuen egoera, eta elkartearen ekintzen garapenaren berri edozein unetan izatea, datu pertsonalak babesteko arautegian aurreikusitako moduan. 4) Batzar orokorretarako deiak jasotzea, batzar orokorretara joan eta hitz egin eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste bazkideren baten esku utzi ahal izatea. 5) Elkartearen Estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea eta organo horietarako hautatzaile nahiz hautagai izatea. 6) Indarrean dauden legeetan zehaztutako bazkideen fitxategian agertzea, eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzea. 7) Estatutuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza-organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea. 8) Talde-ekintza sozialetan parte hartzea, eta bazkideentzako tresnak erabiltzea (elkartearen egoitza, liburutegiak, eta abar). 9) Bazkideari diziplinazko neurriak ezarri aurretik, bazkideak idatziz adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruzko azalpenak jasotzea. Neurriak hartzeko arrazoiak bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean soilik oinarritu daitezke. 10) Edozein unetan baja ematea. Hala ere, hartu bai baina bete gabe dituzten konpromisoak bete beharko dituzte.

31. artikulua.- Hona bazkideen betebeharrak:

a) Elkartearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek betetzen laguntzea. b) Kuotak, derramak eta Estatutuen arabera bazkide bakoitzari dagozkion bestelako ekarpenak ordaintzea. c) Estatutuetatik eratorritako bestelako betebeharrak betetzea. d) Elkarteko zuzendaritza-organoek baliotasunez hartutako erabakiei men egin eta erabaki horiek betetzea.

Bazkide izateari uztea[edit]

32. artikulua.- Bazkide izaera honelakoren bat gertatuz gero galduko da:

1. Bazkidea hiltzen bada (edo, pertsona juridikoen kasuan, desegiten bada). 1. Bazkidea bere borondatez joaten bada. 2. Honelako egoeraren bat gertatzen bada: estatutu hauetatik ondorioztatutako betebeharrak modu larriz ez betetzea, behin eta berriz, eta nahita, edo gauza bera gertatzea Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak hartutako akordio baliodunei dagokienez.


Zigor-arauak[edit]

33. artikulua.- Bazkideek behin eta berriz hausten badituzte Estatutuak edo Batzar Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak, Zuzendaritza Batzordeak bazkide horiek zigortu ahal izango ditu.

15 egunetik hilabetera eskubideak kentzetik hasi eta elkartetik betiko kanporatzera arteko zigorra ezar daiteke, ondorengo artikuluek adierazitako moduan.

Horretarako, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa egin dadila erabaki dezake presidenteak. Ikerketaren instruktorea idazkaria izango da, eta berak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari hartu beharreko neurriak.

Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, idazkariak ez du horretan parte-hartzerik izango (instruktorea delako), eta zigorra ezarri aurretik interesdunari entzunaldia eskainiko zaio. Zigortzeko erabakia arrazoitu egin beharko da beti, eta erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri ahalko zaio Batzar Orokorrari.


34. artikulua.- Bazkideren batek elkartetik kanporatua izateko moduko ustezko egintzaren bat egiten badu, hau da, Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliotasunez hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausten baditu, gertaeren berri izatearren, presidenteak idazkariari agindu diezaioke aurretiazko eginbide zehatz batzuk egin ditzala, behar den informazioa jasotzeko. Eginbide horiek ikusita, presidenteak erabaki dezake jarduerak artxibatzeko agintzea edo elkartetik kanporatzeko zigor-espedienteari hasiera ematea.

35. artikulua. Elkartetik kanporatzeko zigor-espedientea hasten bada, idazkariak, gertakariak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio interesdunari, leporatzen zaizkion karguen berri emateko. Kargu horiei erantzuteko, interesdunak bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilkurako gai-zerrendan sartuko da kasua, eta batzordeak hartuko du erabakia. Erabakian ez du botorik izango espedienteko instruktorea izan den idazkariak.

Elkartetik kanporatzeko erabakia interesdunari jakinaraziko zaio, eta, era berean, hurrengo ezohiko batzar orokorrean errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Hiru hilabeteren barruan batzarrik egiten ez bada, batzar bat egin beharko da horretarako bakarrik. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak inputatuari bazkide-eskubideak etetea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.

Batzar Orokorrari kanporatzeko espedientea aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.

36. artikulua.- Kanporatzeko erabakia arrazoitu egin behar da beti, eta erabaki hori interesdunari jakinarazi behar zaio. Interesdunak, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du bere ustez erabakia legearen edo Estatutuen aurkakoa bada.

37. artikulua.- Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan —berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako— bete gabe dituen betebeharrak bete ditzala eskatuko zaio.

Laugarren kapitulua[edit]

Sortze-ondarea eta aurrekontu-arauak[edit]

38. artikulua.- Elkartearen HASIERAKO ONDAREA 300 eurokoa da.

39. artikulua.- Elkarteak, bere jarduerak aurrera eramateko, diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:

a) Ondare-ekarpenak. b) Erabakitzen diren aldizkako kuotak. c) Elkartearen ondasun eta eskubideetatik datozen emaitzak, eta legez jasotzen dituen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak. d) Zuzendaritza Batzordeak Estatutuen helburuak lortzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduera zilegietatik datozen diru-sarrerak.

ELKARTEAREN EKITALDIA ETA EKITALDI EKONOMIKOA urte betekoa izango da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n itxiko da.

Jarduera ekonomikoak gauzatuz (zerbitzuak ematea barne) elkarteak lortzen dituen irabaziak bere helburuak betetzeko baino ez dira erabili beharko. Inola ere ezingo dira bazkideen artean banatu, ez eta haien ezkontideen edota haiekin antzeko afektibitate-harremanean bizi diren pertsonen artean eta haien senideen artean ere. Ezingo zaizkie, halaber, irabazteko asmoa duten pertsona juridiko edo fisikoei doan laga.

Bosgarren kapitulua[edit]

Estatutuak aldatzea[edit]

40. artikulua.- Estatutuak aldatzea propio horretarako deitutako bazkideen ezohiko batzar orokorrean erabaki behar da. Zuzendaritza Batzordeak hiru bazkidek osatutako batzorde-txostengile bat izendatuko du, aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera egingo da, eta batzorde berak jarriko du egitasmoa amaitzeko epea.

41. artikulua.- Aldaketa-egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, presidenteak Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilkurako gai-zerrendan sartuko du. Zuzendaritza Batzordeak egitasmoa onartuko du, edo, bestela, lantaldeari itzuliko dio, berriz aztertu dezan.

Onartua izanez gero, Zuzendaritza Batzordeak egiten den hurrengo batzorde orokor ezohikoaren gai-zerrendan sartzea erabakiko da.

42. artikulua.- Batzarrerako deiarekin batera, Estatutuetako aldaketen testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa horiek Batzar Orokorrari helaraziko zaio, batzarra egin baino zortzi egun lehenago jaso badira Idazkaritzan.

Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke, idatziz, eta aukerako beste testu bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Orokorrak Estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik aurrera baino ez du eragina izango beste hirugarrenengan.

Seigarren kapitulua[edit]

Elkartea desegitea eta elkarte-ondarearen zertarakoa[edit]

43. artikulua.- Elkartea honelako kasuetan ezabatuko da:

1. Bazkideek hala nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako ezohiko batzar orokorrean azaldu beharko da. 2. Estatutuetan finkatutako epea edo baldintza bete delako. 3. Beste elkarte batek xurgatu duelako edo beste elkarte batzuekin bat egin duelako. 4. Legez ezarritako gutxieneko bazkide-kopururik ez duelako. 5. Epai irmo batek elkartea desegitea agintzen duelako. 6. Elkartearen helburuak betetzea ezinezkoa delako.

44. artikulua.- Elkartea deseginez gero, horixe erabakitzen duen batzar orokor ez-ohikoak Batzorde Likidatzaile bat izendatuko du, eta hark hartuko ditu bere gain dauden funtsak.

Bazkideekiko eta besteekiko elkarte-betebeharrak bete ondoren, geratzen den elkarte-ondarea, geratzen bada behintzat, irabazi-asmorik gabeko erakunde bati edo irabazi-asmorik gabeko ekimenen bati eman beharko zaio.


Xedapen iragankorra[edit]

Eraketa-aktan behin-behingoz izendatuak agertzen diren Zuzendaritza Batzordeko kideek egiten den lehenengo batzar orokorraren esanetara jarri beharko dute beren izendapena.

Azken xedapena[edit]

Estatutu hauek garatzeko asmoz, Batzar Orokorrak barne-araudia onartu ahal izango du, baina horrek inolaz ere ez ditu Estatutuetako aginduak aldatuko.